Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 23:27-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zarete: kanpotik itxura ederrekoak dira, baina barrutik hil-hezurrez eta ustelkeriaz beteak.

28. Berdin zuek: azaletik zintzoak jendaurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak.

29. «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eraikitzen eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dituzue,

30. esanez: “Gure arbasoen garaian bizi izan bagina, ez genukeen profeten hilketan haiekin parterik izango”.

31. Horrela, zeuek aitortzen duzue profetak hil zituztenen ondorengo zaretela.

32. Bete ezazue, bada, zeuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!

33. «Sugeok, sugegorrikumeok! Nola egingo diozue ihes infernuko zigorrari?

34. Hor bidaliko dizkizuet nik profetak, jakintsuak eta lege-maisuak, eta zuek batzuk hil eta gurutziltzatu, besteak sinagogetan zigortu eta herririk herri erasoka erabiliko dituzue.

35. Horrela, zuen kontu ezarriko da lurrean isuria izan den errugabe guztien odolaren errua: hasi Abel zintzoaren odoletik, eta santutegitik aldarea bitartean hil zenuten Barakiasen seme Zakariasen odoleraino.

36. Benetan diotsuet: Gizaldi honi emango zaio horren guztiaren zigorra.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 23