Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 21:32-46 Elizen Arteko Biblia (EAB)

32. Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.

33. «Entzun beste parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.

34. Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zizkien nekazariei, fruitutik zegokion partea jasotzera.

35. Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten.

36. Berriro beste morroi batzuk bidali zizkien, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten.

37. Azkenik, bere semea bidali zien, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”.

38. Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta egin gaitezen mahastiaren jabe”.

39. Hartu, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten».

40. Jesusek galdetu zien:—Zer egingo ote die nekazari horiei mahasti-jabeak itzultzean?

41. Erantzun zioten:—Gupidarik gabe hilko ditu eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.

42. Jesusek esan zien:—Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena: Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?

43. «Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio.

44. Eta harri honen gainera erortzen dena lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera erortzen bada, txikitu egingo du».

45. Parabola hauek entzutean, Jesus beraiengatik ari zela jabetu ziren apaizburuak eta fariseuak.

46. Hargatik, hura atxilotu nahian zebiltzan, baina jendearen beldur ziren, denek profetatzat zeukaten eta.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 21