Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 15:4-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Esate baterako, Jainkoak esan zizuen: Ohoratu aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du.

5. Zuek, ordea, beste hau diozue: Norbaitek aitari edo amari esaten badio: «Zuri eman behar nizukeena Jainkoari eskainia diot»,

6. halakoak ez duela aitarekiko agindu hori bete beharrik; horrela, Jainkoaren hitza baliogabe uzten duzue, zeuen usadioengatik.

7. Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen Isaias profetak zuetaz:

8. Herri honek ezpainez ohoratzen nau, baina niregandik urrun du bihotza;

9. alferrik naute gurtzen; hauen irakaspena giza agindu hutsa.

10. Jesusek jendeari dei egin eta esan zion: «Entzun eta ulertu ongi!

11. Gizakia ez du ahotik sartzen zaionak kutsatzen; ahotik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia».

12. Ondoratu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta esan zioten:—Ba al dakizu hitz horiekin fariseuak sumindurik utzi dituzuna?

13. Jesusek erantzun zien:—Zeruko nire Aitak landatu ez duen landare oro sustraitik aterako dute.

14. Utz itzazue! Itsu dira, eta itsu-gidari. Eta itsuaren gidaria itsua bada, biak zulora eroriko dira.

15. Pedrok eskatu zion:—Adieraz iezaguzu esanahia.

16. Jesusek erantzun:—Zuek ere ez al duzue oraindik ulertzen?

17. Ez al duzue ikusten ahotik sartzen den guztia sabelera joaten dela eta handik komun-zulora?

18. Ahotik ateratzen dena, berriz, bihotz barrutik dator, eta horrek bai egiten duela gizakia zikin!

19. Izan ere, bihotzetik ateratzen dira asmo txarrak, hilketak, adulterioak, lizunkeria, lapurretak, gezurrezko testigantzak, irainak.

20. Horiek dira gizakia kutsatzen dutenak; baina eskuak garbitu gabe otordua egiteak ez du gizakia kutsatzen.

21. Handik irtenik, Tiro eta Sidon aldera aldendu zen Jesus.

22. Hartan, inguru haietan bizi zen emakume kanaandar bat deiadarka hasi zitzaion:—Erruki zakizkit, Jauna, Daviden Semea! Oinaze gorritan dauka deabruak nire alaba.

23. Baina Jesusek ez zion hitzik erantzun. Bere ikasleek, ondoraturik, eskatu zioten:—Kasu egiozu, deiadarka baitatorkigu atzetik.

24. Jesusek, ordea:—Israel herriko ardi galduengana bakarrik bidali nau Jainkoak.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 15