Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 14:19-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Jendeari zelaian esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari.

20. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

21. Bost mila gizon inguru izan ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

22. Berehala, Jesusek ikasleak txalupan sarrarazi eta bere aurretik beste aldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean.

23. Jendeari agur egin ondoren, mendira igo zen, bakardadean otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik.

24. Txalupa, ordurako, lehorretik urruti zihoan, uhinek astindua, haizea kontra baitzuen.

25. Goiz aldera, ikasleengana joan zen Jesus, ur gainean oinez.

26. Aintziran ibiltzen ikusi zutenean, ikasleak izutu egin ziren, mamuren bat zelakoan; eta beldurraren beldurrez oihuka hasi ziren.

27. Baina Jesusek berehala hitz egin zien eta esan:—Lasai! Neu naiz. Ez beldurtu!

28. Orduan, Pedrok esan zion:—Jauna, benetan zeu bazara, agindu iezadazu ur gainean zuregana joateko.

29. Jesusek erantzun:—Zatoz.Pedro ontzitik jaitsi eta Jesusengana abiatu zen ur gainean oinez.

30. Baina, haizearen indarra nabaritzean, beldurra sartu zitzaion, eta, hondoratzen hasi zelarik, deiadar egin zuen:—Jauna, salba nazazu.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 14