Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 14:12-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Joanen ikasleek haren gorpua jasotzera etorri eta lur eman zioten; gero, Jesusi berri ematera joan ziren.

13. Horren berri jakitean, Jesus bazter batera joan zen bakarrik txalupaz. Baina jendea ohartu egin zen eta, herrietatik irtenik, oinez jarraitu zioten.

14. Txalupatik jaitsi zenean, jendetza handia ikusi zuen Jesusek eta, errukiturik, gaixoak sendatu zizkien.

15. Ilunabarrean, ikasleek hurbildu eta esan zioten:—Toki hau oso urruti dago eta orduak aurrera doaz. Bidal ezazu, bada, jendea, auzoetara joan eta jatekoa eros dezan.

16. Baina Jesusek erantzun zien:—Ez dute zertan joanik; eman zeuek jaten.

17. Haiek, orduan:—Ez daukagu hemen bost ogi eta bi arrain besterik.

18. Eta Jesusek:—Ekarri hona.

19. Jendeari zelaian esertzeko agindu ondoren, hartu zituen bost ogiak eta bi arrainak eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, eta ikasleek jendeari.

20. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

21. Bost mila gizon inguru izan ziren jan zutenak, emakumeak eta haurrak aparte.

22. Berehala, Jesusek ikasleak txalupan sarrarazi eta bere aurretik beste aldera joateko agindu zien, berak jendeari agur egin bitartean.

23. Jendeari agur egin ondoren, mendira igo zen, bakardadean otoitz egitera. Ilundu zuenean, han zegoen bakarrik.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 14