Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 14:1-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Garai hartan, Herodes Galileako gobernariak Jesusen berri jakin zuen,

2. eta bere zerbitzariei esan zien: «Joan Bataiatzailea da! Hildakoen artetik piztu da, eta horregatik dauka mirariak egiteko ahalmen hori».

3. Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta loturik kartzelan sartua zuen, Herodias zela eta (Herodias Herodesen anaia Feliperen emaztea zen).

4. Honela esaten baitzion Joanek Herodesi: «Ez zaizu zilegi Herodias emaztetzat edukitzea».

5. Herodesek hil egin nahi zuen, baina jendearen beldur zen, Joan profetatzat baitzeukaten denek.

6. Baina Herodesen urtebetetzekoan, Herodiasen alabak dantzan egin zuen mahaikideen aurrean, eta atsegin izan zitzaion Herodesi.

7. Hargatik, zin eginez agindu zion neskatxari eskatu ahala guztia emango ziola.

8. Neskatxak, bere amaren aholkuari jarraituz, esan zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean».

9. Goibel jarri zen erregea, baina, mahaikideen aurrean egindako zinarengatik, eskatua emateko agindu zuen,

10. eta Joani lepoa moztu zioten kartzelan.

11. Azpil batean burua ekarri eta neskatxari eman zioten, eta honek amari.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 14