Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 12:39-50 Elizen Arteko Biblia (EAB)

39. Jesusek erantzun zien: «Seinale eske ari da gizaldi gaizto eta desleial hau, baina ez zaio seinalerik emango, Jonas profetarena besterik.

40. Zeren, Jonasek arrainaren sabelean hiru egun eta hiru gau egin zituen bezala, hala egingo ditu Gizonaren Semeak ere hiru egun eta hiru gau lurraren barruan.

41. Ninivetarrek auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo dute, beraiek bihozberritu egin baitziren Jonasen predikuz, eta baduzue hemen Jonas baino handiago den bat.

42. Hegoaldeko erreginak ere auzi-egunean gizaldi honen kontra altxatu eta kondenatu egingo du, munduaren bazterretik etorri baitzen Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta baduzue hemen Salomon baino handiago den bat.

43. «Espiritu gaiztoa, norbaitengandik irten ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina, aurkitzen ez duelarik,

44. bere buruari esaten dio: “Noan berriro atera nintzeneko neure etxera”. Iristean, etxea hutsik, garbitua eta apaindua aurkitzen du.

45. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu berekin, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen; horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da. Gauza bera gertatuko zaio gizaldi gaizto honi ere».

46. Oraindik Jesus jendeari hitz egiten ari zela, haren ama eta anai-arrebak azaldu ziren kanpoan, berarekin hitz egin nahian.

47. Batek esan zion:—Adizu, ama eta anai-arrebak dituzu kanpoan, zurekin hitz egin nahian.

48. Jesusek, berriz, erantzun zion:—Nor da nire ama eta zein nire anai-arrebak?

49. Eta, bere ikasleengana eskua luzatuz, esan zuen:—Hauek ditut nik ama eta anai-arreba.

50. Izan ere, zeruko nire Aitaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 12