Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 10:5-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Hamabiok bidali zituen Jesusek, oharpen hauek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samaria herrialdean ere,

6. baizik eta joan Israel herriko ardi galduengana.

7. Bidez zoaztela, hots egin Jainkoaren erregetza gainean dela.

8. Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu legendunak, bota deabruak. Doan hartu duzue, eman doan.

9. «Ez eraman urrerik, ez zilarrik, ez dirurik gerrikoan,

10. ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik ere, zor baitzaio langileari behar duen janaria.

11. «Edozein herri edo auzotara iristen zaretela, jakizue ba ote den konfiantzako inor zuek etxean hartzeko, eta geldi zaitezte harenean herri hartatik atera arte.

12. «Etxe batean sartzean, esan: «Bakea zuekin»;

13. etxekoak duin badira, hel bekie zuen bakea; duin ez badira, berriz, gal bedi hutsean zuen agurra.

14. «Onartzen ez bazaituztete eta zuen mezua entzun nahi ez, etxe edo herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa.

15. Benetan diotsuet: Auzi-egunean, Sodomak eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dute herri hark baino.

16. «Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo.

17. «Kontuz jendearekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo;

18. agintari eta erregeen aurrera eramango zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien eta jentilen aurrean.

19. Eramango zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan;

20. ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez.

21. «Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dituzte.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 10