Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 10:12-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. «Etxe batean sartzean, esan: «Bakea zuekin»;

13. etxekoak duin badira, hel bekie zuen bakea; duin ez badira, berriz, gal bedi hutsean zuen agurra.

14. «Onartzen ez bazaituztete eta zuen mezua entzun nahi ez, etxe edo herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa.

15. Benetan diotsuet: Auzi-egunean, Sodomak eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dute herri hark baino.

16. «Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo.

17. «Kontuz jendearekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo;

18. agintari eta erregeen aurrera eramango zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien eta jentilen aurrean.

19. Eramango zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan;

20. ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez.

21. «Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dituzte.

22. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.

23. Herri batean pertsegitzen bazaituztete, egin ihes beste batera. Benetan diotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dituzue Israelgo herri guztiak igaroko.

24. «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ezta morroia ere nagusia baino gehiago.

25. Aski du ikasleak irakaslea adina izatea, eta morroiak nagusia adina. Etxejaunari Beeltzebul esan badiote, zer ez ote esango haren etxekoei?

26. «Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ere ezer ezkutuan jakingo ez denik.

27. Gau-ilunez esaten dizuedana, esan zuek egun-argiz; eta belarrira entzuten duzuena, hots egin etxe-gainetatik.

Irakurri kapitulu osoa Mateo 10