Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 9:27-40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. baina Jesusek eskutik hartu eta altxarazi egin zuen, eta mutikoa zutitu egin zen.

28. Jesus etxeratu zenean, ikasleek bakarrean galdetu zioten:—Eta guk, zergatik ezin izan dugu bota espiritu hori?

29. Erantzun zien:—Gisa honetako espirituak botatzeko bide bakarra otoitza da.

30. Handik atera eta Galilean zehar zebiltzan. Jesusek ez zuen inork jakiterik nahi,

31. bere ikasleei irakastera emana baitzegoen. Honela ari zitzaien: «Gizonaren Semea gizakien eskuetara emango dute; hil egingo dute, baina hil eta hiru egunera piztu egingo da».

32. Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; galdetzera, berriz, ez ziren ausartzen.

33. Kafarnaumera iritsi ziren. Eta, etxean, Jesusek galdera hau egin zien:—Zer eztabaida izan duzue bidean?

34. Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten bidean.

35. Eseri zen Jesus eta, Hamabiei dei eginik, esan zien:—Lehena izan nahi duena izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria.

36. Eta gero, haur bat hartu, haien aurrera ekarri eta, magalean zuela, esan zien:

37. —Honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauenak, ez nau ni onartzen, bidali nauen hura baizik.

38. Joanek esan zion:—Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta eragotzi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa.

39. Baina Jesusek erantzun:—Ez eragotzi; ez baita inor nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki-esaka jardungo duenik.

40. Hau da, gure kontra ez dagoena gure alde dago.

Irakurri kapitulu osoa Markos 9