Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 9:18-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Non edo han espiritua jabetzen zaionean, lurrera botatzen du, eta mutikoa, lerdea dariola eta hortz-karraska, gogor-gogor gelditzen da. Zure ikasleei eskatu diet espiritua botatzeko, baina ezin izan dute.

19. Jesusek esan zien:—Hau gizaldi sinesgogorra! Noiz arte egon behar ote dut zuen artean? Noiz arte jasan behar ote zaituztet? Ekarri mutila.

20. Eraman egin zioten. Jesus ikusteaz batera, espirituak gogor astindu zuen mutikoa, eta lurrean iraulka eta lerdea zeriola utzi.

21. Jesusek mutilaren aitari galdetu zion:—Noiztik dago horrela?Hark erantzun:—Umetandik.

22. Askotan bota izan du sutara eta uretara ere, hilarazteko. Ezer egin ahal baduzu, erruki zaitez gutaz eta lagun iezaguzu.

23. Jesusek esan zion:—Ahal dudan diozu? Dena ahal du sinesten duenak.

24. Orduan, mutilaren aitak deiadarka:—Sinetsi nahi dut! Lagundu sinesgabe honi.

25. Jesusek, jendea pilatzen ari zela ikusirik, mehatxu egin zion espiritu gaiztoari:—Espiritu gor eta mutua, neuk agintzen diat: irten hadi mutil honengandik eta ez sartu gehiago.

26. Garrasika eta berebiziko astindua emanez, atera zen espiritu gaiztoa. Mutikoa hilik bezala gelditu zen. Ia denek hila zegoela zioten;

27. baina Jesusek eskutik hartu eta altxarazi egin zuen, eta mutikoa zutitu egin zen.

28. Jesus etxeratu zenean, ikasleek bakarrean galdetu zioten:—Eta guk, zergatik ezin izan dugu bota espiritu hori?

Irakurri kapitulu osoa Markos 9