Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 5:24-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. Harekin abiatu zen Jesus.Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka.

25. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena.

26. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan.

27. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion.

28. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz».

29. Une berean odoljarioa gelditu egin zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean.

30. Berehala antzeman zion Jesusek bere baitatik halako indar bat atera zitzaiola eta, jendartean itzulirik, galdetu zuen:—Nork ukitu dit jantzia?

31. Bere ikasleek erantzun zioten:—Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?

32. Baina Jesus ingurura begira zegoen, nork egin ote zion hori.

33. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar —ondo baitzekien zer gertatu zitzaion—, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion.

34. Jesus honela mintzatu zitzaion: «Ene alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza».

35. Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esatera: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?»

36. Baina Jesusek, hitz hauei kasurik egin gabe, sinagogako buruzagiari esan zion: «Ez izan beldurrik; zuk sinetsi».

37. Ez zion inori ere berarekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izan ezik.

38. Sinagogako buruzagiaren etxera heltzean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika.

39. Sartu eta esan zien: «Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago».

Irakurri kapitulu osoa Markos 5