Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 5:11-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Txerri-talde handia zebilen mendi inguru hartan, uxarrean.

12. Espiritu gaiztoek eskatu zioten Jesusi:—Bidal gaitzazu txerrietara, beraietan sar gaitezen.

13. Hark baimena eman zien. Espiritu gaiztoak gizonarengandik atera eta txerrietan sartu ziren; eta txerri-taldea ezpondan behera aintzirara amildu zen; bi milaren bat txerri ito ziren.

14. Txerrizainek ihes egin eta gertatuaren berri zabaldu zuten auzoetan eta herrian. Eta zer gertatu ote zen ikustera joan zen jendea.

15. Jesusen ondora iristean, han ikusi zuten deabruduna, eserita, jantzirik eta bere onean, lehen deabru-taldearen menpe zegoen huraxe bera, eta biziki izutu ziren.

16. Ikusi zutenek deabrudunari gertatua eta txerriena kontatu zieten.

17. Orduan, beren lur-mugetatik alde egiteko eskatu zioten Jesusi.

18. Ontzira igotzean, deabrudun izanak arren eskatzen zion berarekin ibiltzen uzteko,

19. baina ez zion utzi; zera esan zion, ordea: «Zoaz etxera, zeure senitartera, eta jakinarazi Jaunak, zutaz errukiturik, egin dizun guztia».

20. Joan zen, bada, eta Dekapolisko lurraldean hots egiten hasi zen Jesusek egin zion guztia. Denak harriturik gelditzen ziren.

21. Jesus aintziraren beste bazterrera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion ondora. Oraindik aintzira ondoan zegoela,

22. sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik,

23. otoi eta arren eskatzen zion: «Alaba hilzorian dut; zatoz hari eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi».

24. Harekin abiatu zen Jesus.Jende asko zihoakion ondoren, estuka eta bultzaka.

25. Bazen han emakume bat, hamabi urte hartan odoljarioz zegoena.

26. Hamaika sendagileren eskutan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan.

27. Jesusi buruz esaten zena entzunik, jendartean atzetik joan eta jantzia ukitu zion.

28. Honela baitzioen berekiko: «Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz».

Irakurri kapitulu osoa Markos 5