Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 3:8-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Eta berak egiten zituenak entzunik, Judea, Jerusalem, Idumea, Jordanez bestalde eta Tiro eta Sidon aldetik ere jende-talde handia bildu zitzaion.

9. Hark txalupa prest edukitzeko agindu zien ikasleei, hainbeste jenderen artean zapal ez zezaten.

10. Izan ere, asko zituen sendatuak, eta gaitzen bat zuten guztiak gainera zetozkion ukitu nahiz.

11. Espiritu gaiztoek, ikusten zuteneko, haren oinetara jausi eta ozenki esaten zioten: «Jainkoaren Semea zara zu».

12. Hark, ordea, zorrotz agintzen zien, ez zezatela ezagutzera eman.

13. Gero, mendira igo zen, eta berak nahi zituenei dei egin zien. Eta haiek hurbildu egin zitzaizkion.

14. Hamabi izendatu zituen, berarekin bizitzeko eta berri ona hots egitera bidaltzeko,

15. deabruak botatzeko ahalmena emanez.

16. Hamabi hauek izendatu zituen: Simon —honi Pedro izena jarri zion—,

17. Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia —hauei Boanerges izena jarri zien, hau da, «Trumoikume»—,

18. Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Tadeo, Simon Zelote

19. eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena.

20. Jesus etxera itzuli zen. Berriro ere jendetza handia bildu zen, eta ezin zuten otordurik ere egin Jesusek eta ikasleek.

21. Jesusen senitartekoak, jakin zutenean, hartu eta eramateko asmotan etorri ziren, burutik egina zegoela uste baitzuten.

22. Jerusalemdik jaitsitako lege-maisuek, berriz, zera zioten: «Beeltzebul dauka honek barruan», eta «Deabruen buruzagiaren indarrez botatzen ditu deabruak».

23. Etorrarazi zituen Jesusek, eta parabola hauen bidez mintzatu zitzaien: «Nola dezake Satanasek Satanas bota?

24. Bere baitan zatiturik dagoen erreinuak ezin du iraun.

25. Bere baitan zatiturik dagoen familiak ezin du iraun.

26. Era berean Satanasek ere, bere buruaren aurka jaiki eta zatiturik badago, ezin du iraun; harenak egin du.

27. Ez daiteke inor indartsu baten etxera lapurretara joan, aldez aurretik hura lotzen ez badu; orduan bai, harrapa ditzake haren etxeko ondasunak.

Irakurri kapitulu osoa Markos 3