60. Orduan, apaiz nagusiak, biltzarraren erdian zutik, galdetu zion Jesusi:—Ez al diezu deus ere erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
61. Baina Jesus isilik zegoen, eta ez zuen ezer erantzuten. Apaiz nagusiak berriro galdetu zion:—Zu al zara Mesias, Jainko bedeinkatuaren Semea?
62. Jesusek erantzun:—Bai, neu naiz, eta Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei artean etortzen ikusiko duzue.
63. Apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:—Ba ote dugu lekuko beharrik?
64. Zeuek entzun duzue biraoa. Zer deritzozue?Heriotza merezi zuela erabaki zuten denek.
65. Batzuk listuka hasi zitzaizkion eta, aurpegia estalirik, ukabilkadak ematen zizkioten, esanez: «Asma ezak, profeta!»Guardiek ere masailekoka zerabilten.
66. Pedro beheko patioan zegoela, apaiz nagusiaren neskame bat etorri zen.
67. Pedro berotzen ikusirik, begira jarri eta esan zion:—Hi ere Nazareteko Jesusekin bizi hintzen.
68. Baina hark ukatu, esanez:—Ez zekinat zer dionan ere, ez dinat ulertzen.Atarira irten zen, eta oilarrak jo zuen.
69. Ikusi zuen neskameak eta han zeudenei ere honela hasi zitzaien:—Hau ere haietakoa diagu.
70. Pedrok berriro ukatu zuen. Geroxeago, ingurukoek ere esan zioten:—Bai, haietakoa haiz, noski, galilearra haiz eta.
71. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:—Ez dut ezagutzen zuek diozuen hori.
72. Une hartan, bigarren aldiz jo zuen oilarrak. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak bitan jo baino lehen, zuk hirutan ukatuko nauzu», eta negarrari eman zion.