Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 14:40-52 Elizen Arteko Biblia (EAB)

40. Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.

41. Joan zitzaien hirugarren aldiz eta esan zien: «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana.

42. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

43. Jesus hizketan ari zela, han agertu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek bidalirik.

44. Saltzaileak seinale hau jarria zien: «Nik musu emango diodana, horixe da; atxilotu eta eraman arduraz».

45. Iritsi zeneko, Jesusengana hurbildu eta esan zion: «Maisu!»Eta musu eman zion.

46. Besteek heldu eta atxilotu egin zuten.

47. Han zegoen batek ezpata atera, apaiz nagusiaren morroia jo eta belarria moztu zion.

48. Jesusek esan zien: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera!

49. Egunero zuen artean nengoen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu. Baina hala behar du, Liburu Santuetan idatzia bete dadin».

50. Ikasleek Jesus utzi eta ihes egin zuten.

51. Gazte bat ondoren zihoakion, soinean oihal bat besterik ez zuela. Heldu zioten,

52. baina oihala utzi eta ihes egin zien biluzik.

Irakurri kapitulu osoa Markos 14