Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 14:32-44 Elizen Arteko Biblia (EAB)

32. Getsemani izeneko landa batera iritsi ziren, eta Jesusek esan zien bere ikasleei: «Zaudete hemen, nik otoitz egin bitartean».

33. Pedro, Santiago eta Joan eraman zituen berekin. Ikara eta larria sentitzen hasi zen,

34. eta esan zien: «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne».

35. Eta aurreraxeago joanik, lurrean erori eta otoizka ari zitzaion Jainkoari, urrun ziezaiola ordu hura, ahal bazen.

36. Honela zioen: «Abba, Aita! Zure esku dago guztia; urrun ezazu niregandik edari samin hau! Baina egin bedi zure nahia, ez nirea».

37. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion: «Simon, lotan? Ordubete ere ezin izan zara erne egon?

38. Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».

39. Berriro aldendu eta otoitz egin zuen, lehengo hitz berak esanez.

40. Berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten; haiek ez zekiten zer esan.

41. Joan zitzaien hirugarren aldiz eta esan zien: «Egin lo eta hartu atseden! Kito! Iritsi da ordua: hona Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana.

42. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

43. Jesus hizketan ari zela, han agertu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek bidalirik.

44. Saltzaileak seinale hau jarria zien: «Nik musu emango diodana, horixe da; atxilotu eta eraman arduraz».

Irakurri kapitulu osoa Markos 14