Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 13:26-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikusiko dute.

27. Orduan, aingeruak bidali eta bere aukeratuak bilduko ditu lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.

28. «Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela.

29. Era berean, gauza horiek gertatzen ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea ate ondoan duzuela.

30. Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.

31. Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.

32. Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak baizik.

33. «Kontuz, bada! Egon erne! Ez baitakizue ordua noiz den.

34. Gizon bat urrutira doanean bezala da: morroien gain uzten du bere etxea, bakoitzari bere lana emanez, eta zain egoteko agintzen dio atezainari.

35. «Egon zain, beraz, ez baitakizue etxeko jauna noiz etorriko den: arratsean, gauerdian, oilarrak jotzean ala goizean.

36. Ez zaitzatela ustekabean etorri eta lotan aurki.

37. Zuei esaten dizuedan hau, denentzat esaten dut: Egon zain!»

Irakurri kapitulu osoa Markos 13