Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 12:28-44 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. Ondoren, aurreko eztabaida entzundako lege-maisu bat aurreratu zitzaion. Jesusek zein jator erantzun zien ikusirik, galdera bat egin zion:—Zein da agindu guztietan nagusiena?

29. Jesusek erantzun:—Hona hemen nagusiena: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da!

30. Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz.

31. Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Ez da agindu hauek baino handiagorik.

32. Lege-maisuak, orduan:—Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean.

33. Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.

34. Eta Jesusek, zuhurki erantzun ziola ikusirik, esan zion:—Ez zaude Jainkoaren erreinutik urruti.Eta harrezkero, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.

35. Tenpluan irakasten ari zela, galdera hau egin zuen Jesusek: «Nola esan dezakete lege-maisuek Mesias Daviden ondorengo dela?

36. Hona zer dioen Davidek berak Espiritu Santuaren argiz: «Hona Jaunak ene Jaunari esana: “Eseri nire eskuinean, zure etsaiak oinazpian jartzen dizkizudan bitartean”.

37. «Davidek berak Jauna esaten dio; beraz, nola izan dezake ondorengo?»Jendetza ugariak atseginez entzuten zion.

38. Bere irakastaldian, beste hau ere esan zien: «Zabiltzate kontuz lege-maisuekin! Gogoko baitute harro-harro jantzita ibiltzea eta plazetan jendeak agur egitea;

39. gogoko dituzte sinagogetan lehenengo aulkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak.

40. Eta, azkengabeko otoitzen aitzakiaz, alargunen ondasunak irensten dituzte. Epairik zorrotzena izango dute horrelako horiek».

41. Jesus tenpluko dirutegiaren aurrean eseria zegoen, jendeak kutxetara dirua nola botatzen zuen begira. Aberats askok ugari ematen zuen.

42. Etorri zen emakume alargun behartsu bat, eta bi sos bota zituen, huskeria bat.

43. Jesusek bere ikasleei dei egin eta esan zien: «Benetan diotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota du kutxara.

44. Izan ere, beste guztiek sobera dutenetik eman dute; honek, ordea, bere eskasian, zeukan guztia, bizitzeko behar zuena, eman du».

Irakurri kapitulu osoa Markos 12