22. Horrela, ondorengorik gabe hil ziren zazpiak. Azkenik, hil zen emakumea ere.
23. Piztuerakoan, hildakoak piztuko omen direnean, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?
24. Jesusek erantzun zien:—Ez ote zabiltzate oker, eta oker, hain zuzen, Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ezagutzen ez dituzuelako?
25. Izan ere, hildakoak piztean, ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak bezalakoak izango dira denak.
26. Gainera, hildakoen piztueraz, ez al duzue irakurri Moisesen liburuan, sutan zegoen sasiaren pasartean, nola esaten dion Jainkoak berak: Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naiz?
27. Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik. Oker zaudete oso.
28. Ondoren, aurreko eztabaida entzundako lege-maisu bat aurreratu zitzaion. Jesusek zein jator erantzun zien ikusirik, galdera bat egin zion:—Zein da agindu guztietan nagusiena?
29. Jesusek erantzun:—Hona hemen nagusiena: Entzun, Israel: Jauna da gure Jainkoa, Jauna bat bakarra da!
30. Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz.
31. Eta hona hemen bigarrena: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala. Ez da agindu hauek baino handiagorik.
32. Lege-maisuak, orduan:—Ederki, Maisu; egia diozu Jainkoa bakarra dela eta ez dela besterik esatean.
33. Bera bihotz-bihotzez, gogo osoz eta indar guztiz maitatzea, eta lagun hurkoa nork bere burua bezala maitatzea, erre-opari eta sakrifizio guztiak baino hobea da.
34. Eta Jesusek, zuhurki erantzun ziola ikusirik, esan zion:—Ez zaude Jainkoaren erreinutik urruti.Eta harrezkero, ez zen inor galderarik egitera ausartzen.
35. Tenpluan irakasten ari zela, galdera hau egin zuen Jesusek: «Nola esan dezakete lege-maisuek Mesias Daviden ondorengo dela?
36. Hona zer dioen Davidek berak Espiritu Santuaren argiz: «Hona Jaunak ene Jaunari esana: “Eseri nire eskuinean, zure etsaiak oinazpian jartzen dizkizudan bitartean”.