Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 1:4-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Honela, bada, agertu zen Joan Bataiatzailea basamortuan. Bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egiten zuen, bekatuen barkamenerako.

5. Judea herrialde osoa eta jerusalemdar guztiak harengana zihoazen eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.

6. Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko; matxinsaltoak eta basaeztia jaten zituen.

7. Honela hots egiten zuen: «Nire ondoren dator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor makurtu eta haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere.

8. Nik urez bataiatu zaituztet; hark, ordea, Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

9. Egun haietako batean, Jesus etorri zen Galileako Nazaretetik, eta Joanek bataiatu egin zuen Jordanen.

10. Jesusek, uretatik ateratzerakoan, zerua urratzen ikusi zuen eta Espiritua, uso-tankeran, beregana jaisten.

11. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».

12. Berehala, Espirituak basamortura bultzatu zuen Jesus.

13. Berrogei egunez egon zen basamortuan, Satanasek tentatzen zuela. Basabereekin bizi zen eta aingeruak zituen zerbitzari.

14. Joan Bataiatzailea kartzelan sartu eta gero, Jesus Galileara etorri zen eta Jainkoaren berri ona hots egiten zuen.

15. Honela zioen: «Betea da garaia, eta gainean duzue Jainkoaren erregetza. Bihozberri zaitezte eta sinetsi berri ona».

16. Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zihoala, Simon eta honen anaia Andres ikusi zituen sareak uretara botatzen, arrantzaleak baitziren.

17. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».

18. Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.

19. Aurreraxeago, Santiago eta Joan anaiak, Zebedeoren semeak, ikusi zituen; sare-konponketan ari ziren beren ontzian.

20. Ikusi bezain laster, dei egin zien. Haiek, beren aita Zebedeo eta mutilak ontzian utzirik, Jesusen ondoren abiatu ziren.

21. Kafarnaumen sartu ziren. Eta, larunbatean sinagogara joanik, irakasten hasi zen Jesus.

22. Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez irakasten baitzien eta ez lege-maisuek bezala.

Irakurri kapitulu osoa Markos 1