Itun Zaharra

Itun Berria

Markos 1:27-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Guztiz ikaraturik gelditu ziren denak, elkarri galdezka: «Zer dugu hau? Irakaspen berria, eta nolako nagusitasunez emana gainera! Espiritu gaiztoei ere agintzen die eta hauek esana egiten!»

28. Laster zabaldu zen Jesusen entzutea Galilea aldeko bazter guztietara.

29. Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiago eta Joanekin.

30. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrez; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi.

31. Joan zitzaion ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi egin zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien.

32. Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi.

33. Herri osoa bildu zitzaion atarian.

34. Eta hark gaixo asko sendatu zituen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota ere bai. Deabruei ez zien hitzik egiten uzten, bazekiten-eta nor zen.

35. Goizean goiz, oraindik ilun zegoela, Jesus herritik irten eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen.

36. Simon eta lagunak haren bila hasi ziren;

37. aurkitzean, esan zioten:—Jende guztia zure bila dabil.

38. Hark, ordea, erantzun:—Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere berri ona hots egitera, horretarako atera bainaiz.

39. Eta Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan berri ona hots egiten eta deabruak botatzen.

Irakurri kapitulu osoa Markos 1