Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 6:7-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Lege-maisu eta fariseuak zelatan zegozkion ea larunbatez sendatzen ote zuen, zertan salatu izateko.

8. Jesusek, haien gogoetak igarririk, beso-elbarriari esan zion:—Jaiki eta atera zaitez erdira.Hura jaiki eta atera egin zen.

9. Jesusek esan zien, orduan:—Galdera bat: Larunbatez zer dugu legezko, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala kentzea?

10. Eta, inguruko guztiei begira, honela esan zion gizonari:—Luzatu beso hori.Luzatu zuen, eta sendatu egin zitzaion.

11. Lege-maisu eta fariseuak beren onetik aterata gelditu ziren, eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean.

12. Egun haietako batean, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua.

13. Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien:

14. Simon —honi Pedro izena eman zion—, honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome,

15. Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon —Zelote zeritzana—,

16. Judas Santiagorena eta Judas Iskariote —Jesusen saltzaile gertatu zena—.

17. Jesus, ikasleekin menditik jaitsi ondoren, zelaigune batean gelditu zen. Ikasleetariko asko harekin ziren; baita herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik etorria,

18. hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendaturik gelditzen ziren.

19. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, denak sendatzen zituen halako indar bat baitzerion.

20. Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen:«Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege.

21. «Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak.«Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue.

22. «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 6