Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 6:37-49 Elizen Arteko Biblia (EAB)

37. «Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta Jainkoak ere barkatuko dizue;

38. eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».

39. Eta parabola bat ere esan zien: «Itsua itsuaren gidari izan ote liteke? Ez ote dira biak zulora eroriko?

40. Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ongi eskolaturiko ikaslea irakaslea adina izango da.

41. «Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez?

42. Nola esan diezaiokezu senideari: “Adiskide, utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun haga ikusten ez duzula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko.

43. «Ez dago zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik.

44. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; ez da arantzatik pikurik biltzen, ezta sasitik ere mahatsik hartzen.

45. Ona denak ona ateratzen du bere barneko ontasun-altxorretik; eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik. Ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten baitu.

46. «Zergatik esaten didazue “Jauna, Jauna”, eta ez duzue egiten esaten dizuedana?

47. Erakutsiko dizuet noren antzeko den niregana hurbildu eta nire esanak entzun eta betetzen dituena:

48. etxea egitean, zulatu, sakondu eta oinarriak harkaitzean hartu zituen gizon baten antzekoa da. Uholdea gertaturik, jo zuen ur-boladak etxea, baina ezin izan zuen dardararazi, sendo egina baitzen.

49. Entzun bai, baina betetzen ez dituena, berriz, etxea lur gainean, oinarririk gabe, egin zuen gizonaren antzekoa da. Jo zuen ur-boladak eta berehala erori zen, eta dena porrokatua gelditu».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 6