Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 6:18-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendaturik gelditzen ziren.

19. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, denak sendatzen zituen halako indar bat baitzerion.

20. Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen:«Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege.

21. «Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak.«Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue.

22. «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean.

23. Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek.

24. «Baina ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza!

25. «Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete!«Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue!

26. «Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ongi hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek!

27. «Baina zuei, entzuleoi, hau diotsuet: Maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei,

28. bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde.

29. «Masail batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari, ez ukatu soinekoa ere.

30. Eskatzen dizun edonori, eman, eta zeurea kentzen dizunari, ez bihurrarazi.

31. Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei.

32. «Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak.

33. Eta ongi egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue ongi, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste.

34. Eta ordaina hartzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, beste hainbeste hartzekotan.

35. Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin ongi eta eman maileguz ordainari begiratu gabe: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita bera esker txarreko eta gaiztoentzat.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 6