Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 6:14-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Simon —honi Pedro izena eman zion—, honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome,

15. Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon —Zelote zeritzana—,

16. Judas Santiagorena eta Judas Iskariote —Jesusen saltzaile gertatu zena—.

17. Jesus, ikasleekin menditik jaitsi ondoren, zelaigune batean gelditu zen. Ikasleetariko asko harekin ziren; baita herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik etorria,

18. hari entzutera eta berak gaitzetatik senda zitzan. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendaturik gelditzen ziren.

19. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, denak sendatzen zituen halako indar bat baitzerion.

20. Jesusek, ikasleei begira, honela esan zuen:«Zorionekoak behartsuok, zuek baituzue Jainkoa errege.

21. «Zorionekoak orain gose zaretenok, aseko baitzaituzte Jainkoak.«Zorionekoak orain negar egiten duzuenok, barre egingo baituzue.

22. «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dela eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituztetenean eta izen txarra emango dizuetenean.

23. Alai zaitezte egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango baita zuen saria zeruan; gauza bera egin zieten profetei jende horren gurasoek.

24. «Baina ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza!

25. «Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete!«Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue!

26. «Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ongi hitz egingo duenean, gauza bera egin baitzieten sasiprofetei jende horren gurasoek!

27. «Baina zuei, entzuleoi, hau diotsuet: Maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei,

28. bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 6