Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 5:27-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Ondoren, atera zen Jesus handik eta Lebi izeneko zergalari bat ikusi zuen, zerga biltzeko mahaian eseria, eta esan zion:—Jarraitu niri.

28. Lebik, dena utzirik, zutitu eta jarraitu egin zion.

29. Lebik bazkari ederra eman zion Jesusi bere etxean; Jesusekin eta honen ikasleekin batera jende asko zegoen mahaian, zergalari eta beste.

30. Fariseu eta beraien lege-maisuak marmarrean ari zitzaizkien ikasleei, esanez:—Nolatan jaten eta edaten duzue zergalari eta bekatariekin?

31. Jesusek erantzun zien:—Ez dute osasundunek sendagilea behar, gaixoek baizik;

32. ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik, bihozberri daitezen.

33. Orduan, fariseuek eta lege-maisuek esan zioten Jesusi:—Joanen ikasleek sarri egiten dute barau eta otoitz, gauza bera gure ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan ari dira.

34. Jesusek erantzun zien:—Nola nahi duzue ezteietara deituek barau egitea, senar berria berekin dutelarik?

35. Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau.

36. Parabola hau ere esan zien: «Inork ez dio jantzi zaharrari jantzi berriari kendutako adabakirik josten; bestela, jantzi berria hondatuko litzateke eta ez litzaioke zaharrari berriaren adabakia egoki etorriko.

37. Zahagi zaharretan ere ez du inork ardo berririk sartzen; ardo berriak zahagiak lehertu egingo lituzke, eta ardoa isuri eta zahagiak galdu egingo lirateke.

38. Ez! Ardo berria zahagi berrietan sartu behar da.

39. Eta ardo zaharrarekin ohituak ez du berririk nahi, “Zaharra hobea duk” esaten baitu».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 5