Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 4:5-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Ondoren, deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean

6. eta esan zion:—Hara, neureak ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket.

7. Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.

8. Jesusek erantzun zion:—Idatzia dago: Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.

9. Orduan, Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik, esan zion:—Jainkoaren Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera,

10. idatzia baitago: Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko.

11. Besoetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun.

12. Baina Jesusek erantzun:—Agindua dago: Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.

13. Orduan, bere tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo egokiera arte.

14. Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta inguru hartan guztian zabaldu zen haren berri.

15. Hango sinagogetan irakasten zuen, denek goraipatzen zutela.

16. Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira, eta larunbatean sinagogan sartu zen, ohi zuenez, eta irakurgaia egitera zutitu.

17. Isaias profetaren liburua eman zioten eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen:

18. Jaunaren espiritua nire gainean dago, berak bainau sagaratu behartsuei berri ona adierazteko; berak nau bidali gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera,

19. Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera .

20. Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan.

21. Eta honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».

22. Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?»

23. Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 4