Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 4:20-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan.

21. Eta honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».

22. Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?»

23. Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”».

24. Eta erantsi zuen: «Benetan diotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik.

25. Egiaz esaten dizuet: Emakume alargun asko zegoen Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta erdian euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan zenean;

26. hala ere, Jainkoak ez zuen haietako inorengana bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun batengana baizik.

27. Eta legendun asko zegoen Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zuen haietako inor sendatu, Naaman siriarra baizik».

28. Hau entzutean, sinagogako denak amorruz bete ziren.

29. Eta, jaikirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa zegoen mendiko amildegi batera eraman zuten, handik behera jaurtitzeko.

30. Baina Jesus haien artetik igaro eta bere bidetik joan zen.

31. Jesus Galileako hiri batera, Kafarnaumera, jaitsi eta jendeari irakasten ari zen larunbatean.

32. Haren irakaspenaz txunditurik zegoen jende guztia, nagusitasunez hitz egiten baitzien.

33. Bazen sinagoga hartan espiritu gaiztoaren menpe zegoen gizon bat. Eta oihu bizian esan zuen:

34. —Utikan! Zer duk gurekin, Nazareteko Jesus? Gu hondatzera al hator? Bazekiat nor haizen: Jainkoaren Santua.

35. Jesusek gogor eraso zion:—Isil hadi eta irten horrengandik!Deabruak jendartean lurrera bota zuen gizona, baina batere kalterik egin gabe atera zen harengandik.

36. Harri eta zur gelditu ziren denak, eta elkarri esaten zioten:—Zer da hau? Espiritu gaiztoei nagusitasunez eta indarrez agintzen die, eta horiek atera egiten!

37. Haren entzutea herrialde hartako bazter guztietara zabaldu zen.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 4