Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 4:14-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta inguru hartan guztian zabaldu zen haren berri.

15. Hango sinagogetan irakasten zuen, denek goraipatzen zutela.

16. Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira, eta larunbatean sinagogan sartu zen, ohi zuenez, eta irakurgaia egitera zutitu.

17. Isaias profetaren liburua eman zioten eskura eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen:

18. Jaunaren espiritua nire gainean dago, berak bainau sagaratu behartsuei berri ona adierazteko; berak nau bidali gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera,

19. Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera .

20. Liburua itxi, laguntzaileari eman eta eseri egin zen; denak sinagogan begira-begira zeuzkan.

21. Eta honela hasi zitzaien: «Gaur bete da profezia hau entzuten didazuenontzat».

22. Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina zioten: «Ez al da, bada, hau Joseren semea?»

23. Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura oroitaraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen, zeure herrian ere, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”».

24. Eta erantsi zuen: «Benetan diotsuet: Ez da profetarik bere herriari mesedegarri zaionik.

25. Egiaz esaten dizuet: Emakume alargun asko zegoen Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta erdian euririk egin ez zuelarik, lurralde osoan gosete handia izan zenean;

26. hala ere, Jainkoak ez zuen haietako inorengana bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargun batengana baizik.

27. Eta legendun asko zegoen Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zuen haietako inor sendatu, Naaman siriarra baizik».

28. Hau entzutean, sinagogako denak amorruz bete ziren.

29. Eta, jaikirik, Jesus herritik kanpora bota eta herria jasoa zegoen mendiko amildegi batera eraman zuten, handik behera jaurtitzeko.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 4