Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 3:11-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Hark erantzuten zien:—Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana dezala.

12. Joan ziren zergalari batzuk ere bataiatzera eta galdetu zioten:—Maisu, zer egin behar dugu?

13. Hark erantzun zien:—Ez kendu inori legezko dena baino gehiago.

14. Soldaduek ere galdetu zioten:—Eta guk, zer egin behar dugu?Joanek erantzun zien:—Ez atera inori dirurik gogorkeriaz, ezta gezurrezko salakuntzaz ere; konforma zaitezte daukazuen soldatarekin.

15. Herria zain-zain zegoen eta denak ari ziren pentsatzen Joan ez ote zen Mesias izango.

16. Joanek, ordea, denen aurrean esan zuen: «Nik urez bataiatzen zaituztet, baina badator ni baino ahaltsuago dena, eta ni ez naiz inor haren oinetakoen lokarriak askatzeko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.

17. Eskuan du sardea garia garbitu eta alea bere mandioan jasotzeko; lastoa, berriz, inoiz itzaliko ez den sutan erreko du».

18. Honela eta beste burubide askoren bidez adierazten zion berri ona herriari.

19. Baina Joanek aurpegira botatzen zizkion Herodes agintariari bere anaiaren emazte Herodiasekin elkartu izana eta gainerako gaiztakeria guztiak.

20. Horregatik, Herodesek, aurreko makurkeria guztiez gainera, Joan kartzelan sartu zuen.

21. Herri guztia bataiatzen ari zela, Jesus ere bataiatu egin zen eta, otoitzean zegoela, zerua zabaldu

22. eta Espiritu Santua jaitsi zitzaion gainera, uso-tankeran agertuz. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Zu zaitut neure Semea, neure maitea, zu zaitut atsegin».

23. Jesusek hogeita hamarren bat urte zituen bere egitekoari ekin zionean, eta jendearen ustetan Joseren semea zen; Jose, berriz, Elirena,

24. hau Matatena, hau Lebirena, hau Melkirena, hau Janairena, hau Joserena,

25. hau Matatiasena, hau Amosena, hau Nahumena, hau Heslirena, hau Nagairena,

26. hau Maatena, hau Matatiasena, hau Semeinena, hau Josekena, hau Jodarena,

27. hau Joananena, hau Resarena, hau Zorobabelena, hau Salatielena, hau Nerirena,

28. hau Melkirena, hau Adirena, hau Kosamena, hau Elmadamena, hau Errena,

29. hau Jesusena, hau Eliezerrena, hau Jorimena, hau Matatena, hau Lebirena,

Irakurri kapitulu osoa Lukas 3