Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 24:9-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

9. eta, hilobitik itzulirik, gertatutako guztiaren berri eman zieten Hamaikei eta gainerako ikasleei.

10. Magdalako Maria, Joana eta Maria Santiagorena ziren emakumeok; hauekin batera joandako beste emakumeek ere gauza bera esaten zieten apostoluei.

11. Baina apostoluek zorakeriatzat hartu zituzten berriok, eta ez zieten sinetsi.

12. Hala ere, Pedro jaiki eta hilobira joan zen lasterka; makurturik, barrura begiratu eta oihal-zerrendak bakarrik ikusi zituen, eta etxera itzuli zen gertatuaz harriturik.

13. Egun hartan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora.

14. Gertakari guztiotaz mintzo ziren elkarrekin.

15. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus bera ondoratu zitzaien eta beraiekin joan zen.

16. Baina ikasleek begiak itsu zituzten eta ez zuten ezagutu.

17. Jesusek esan zien:—Zeri buruz zoazte bidean elkarrekin hizketan?Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun,

18. eta beraietako batek, Kleofas zeritzanak, honela erantzun zion:—Zeu izango zara egun hauetan Jerusalemen gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!

19. —Zer gertatu da, bada? —esan zien hark.Haiek erantzun zioten:—Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan;

20. baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu.

21. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.

22. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira

23. eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu.

24. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 24