Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 24:19-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. —Zer gertatu da, bada? —esan zien hark.Haiek erantzun zioten:—Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zen hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan;

20. baina gure apaizburu eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutziltzatu.

21. Guk uste genuen berak askatuko zuela Israel; baina badira hiru egun hori gertatu dela.

22. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela: goizean goiz joan dira hilobira

23. eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeru batzuk agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu.

24. Gutako batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan bezala aurkitu dute guztia; baina bera ez dute ikusi.

25. Orduan, Jesusek esan zien:—Bai buru gutxikoak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko!

26. Ez ote zuen Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara iristeko?

27. Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz zioten guztia azaldu zien.

28. Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, aurrera jarraitzeko keinua egin zuen Jesusek.

29. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko.

30. Ondoren, elkarrekin mahaian jarri ziren, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkazioa esan, zatitu eta eman egin zien.

31. Orduan, begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu egin zuten, baina Jesus desagertu egin zitzaien begi aurretik.

32. Haiek elkarri esan zioten: «Ez al geneukan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz mintzo zitzaigunean?»

33. Berehala jaiki eta Jerusalemera itzuli ziren; eta Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten,

34. honela ziotela: «Egia da! Piztu da Jauna eta Simoni agertu zaio».

35. Bi ikasleek bidean gertatua eta nola ogia zatitzean ezagutu zuten kontatu zieten.

36. Hamaikak eta lagunak horretaz mintzo zirela, Jesus agertu zitzaien erdian eta esan zien: «Bakea zuei».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 24