Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 22:52-71 Elizen Arteko Biblia (EAB)

52. Orduan, haren aurka etorriak ziren apaizburu, tenpluko guardiaburu eta zaharrei esan zien: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete lapur baten bila bezala.

53. Egunero tenpluan zuekin nintzen, eta ez zenidaten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia».

54. Jesus preso hartu eta apaiz nagusiaren etxera eraman zuten. Pedrok urrutitik jarraitzen zion.

55. Batzuk patio erdian sua piztu eta haren inguruan eseri ziren, eta haien artean eseri zen Pedro ere.

56. Neskame batek, Pedro sutondoan eseria ikustean, begira jarri eta esan zuen:—Hau ere Jesusekin zebilen.

57. Baina hark ukatu, esanez:—Emakume, ez dinat ezagutzen hori.

58. Handik berehala, beste batek ikusi eta esan zion Pedrori:—Hi ere haietakoa haiz.Pedrok, orduan:—Ez, mutil!

59. Handik ordubete ingurura, beste batek berriro esan zuen:—Bai, hau ere Jesusekin bizi huen, galilearra duk eta.

60. Pedrok erantzun zuen:—Ez zekiat zertaz ari haizen, mutil!Eta une berean, oraindik hizketan ari zela, oilarrak jo zuen.

61. Itzuli zen Jauna eta Pedrori begiratu zion. Gogoratu zitzaion Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu»,

62. eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.

63. Jesus preso zeukatenak isekaz ari zitzaizkion eta joka.

64. Begiak estalirik, honela galdetzen zioten: «Asma ezak, profeta, nork jo hau?»

65. Eta beste hitz iraingarri asko esaten zioten.

66. Eguna zabaldu zuenean, herriko zaharren kontseilua, apaizburuak eta lege-maisuak bildu ziren, eta Jesus Biltzar Nagusira eraman zuten.

67. Honela esan zioten:—Mesias baldin bazara, esaguzu.Hark erantzun:—Baietz esaten badizuet, ez didazue sinetsiko

68. eta, galdetzen badizuet, ez didazue erantzungo.

69. Baina hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskuinean eserita egongo da.

70. Orduan, denek esan zuten:—Zu zara, beraz, Jainkoaren Semea?Hark erantzun zien:—Zeuek diozue, neu naiz.

71. Haiek, orduan:—Ba ote dugu lekuko beharrik? Geuk entzun diogu bere ahotik.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 22