Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 22:43-53 Elizen Arteko Biblia (EAB)

43. Zeruko aingeru bat agertu zitzaion, kemen emanez.

44. Eta, larriak harturik, oraindik lehiatsuago egiten zuen otoitz. Izerdia tantaka zerion lurrera, odola bezain lodi.

45. Otoitzetik jaikirik, ikasleengana joan zen; nahigabearen nahigabez lokarturik aurkitu zituen,

46. eta esan zien: «Nola zaudete lo? Jaiki eta egin otoitz, tentaldian ez erortzeko».

47. Jesus hizketan ari zela, jende-multzo bat azaldu zen; Hamabietako bat, Judas zeritzana, zetorren haien buru, eta Jesusengana hurbildu zen musu ematera.

48. Jesusek esan zion: «Judas, musu batez saltzen al duzu Gizonaren Semea?»

49. Gertatzera zihoanaz oharturik, Jesusen inguruan zeudenek esan zioten: «Jauna, erasoko al diegu ezpataz?»

50. Eta haietako batek apaiz nagusiaren morroia jo eta eskuineko belarria moztu zion.

51. Baina Jesusek esan zuen: «Utzi! Aski da!»Eta, belarria ukiturik, sendatu egin zion.

52. Orduan, haren aurka etorriak ziren apaizburu, tenpluko guardiaburu eta zaharrei esan zien: «Ezpataz eta makilaz etorri zarete lapur baten bila bezala.

53. Egunero tenpluan zuekin nintzen, eta ez zenidaten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia».

Irakurri kapitulu osoa Lukas 22