Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 22:4-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Judas apaizburu eta tenpluko guardiaburuengana joan zen, haien eskuetara Jesus nola eman hitz egitera.

5. Poztu egin ziren haiek, eta Judasi dirua ematea erabaki zuten.

6. Honek onartu egin zuen, eta jendeak jakin gabe Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen.

7. Iritsi zen Legamia gabeko Ogien Jaieguna, Pazko-bildotsa hil behar zeneko eguna.

8. Orduan, Pedro eta Joan bidali zituen Jesusek, esanez:—Zoazte guretzat Pazko-afaria prestatzera.

9. Haiek galdetu zioten:—Non prestatu behar dugu?

10. Jesusek erantzun:—Hara, hirian sartzean, ur-suila daraman gizon batekin egingo duzue topo. Jarraitu berari sartuko den etxeraino,

11. eta esan bertako nagusiari: «Maisuak galdetzen dizu non duen ikasleekin Pazko-bildotsa jateko tokia».

12. Hark gela zabal bat erakutsiko dizue goian, jantzirik; prestatu hantxe.

13. Joan ziren, eta dena Jesusek esan bezala gertatu zitzaien, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

14. Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin.

15. Eta esan zien: «Banuen gogoa sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekin egiteko!

16. Zeren, egia esan, ez baitut Pazkorik gehiago ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte».

17. Eta, kopa harturik, esker oneko otoitza egin eta esan zuen: «Hartzazue eta eman elkarri.

18. Zeren, egia esan, ez baitut gaurdanik gehiago ardorik edango Jainkoa errege izaten hasi arte».

19. Gero, ogia hartu zuen eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez: «Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».

20. Berdin egin zuen koparekin afalondoan, esanez: «Kopa hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria.

21. «Baina begira, nirekin mahaian dago salduko nauena.

22. Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoenez; baina dohakabea salduko duena!»

23. Orduan, ikasleak elkarren artean galdezka hasi ziren, nork egin ote zezakeen horrelakorik.

24. Ikasleak eztabaidan hasi ziren beren artean, beraietan zein ote zen handiena.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 22