Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 22:31-43 Elizen Arteko Biblia (EAB)

31. «Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaituzte, garia galbahean bezala zuek astintzeko.

32. Baina nik otoitz egin dut zure alde, sinesmena gal ez dezazun. Eta zuk, niregana bihurtzean, sendo itzazu senideak».

33. Pedrok esan zion:—Jauna, prest nago zurekin kartzelara eta heriotzara ere joateko.

34. Jesusek, orduan:—Egia esan, Pedro, gaur oilarrak jotzerako, hiru aldiz ukatuko duzu ni ezagutzen nauzula.

35. Ondoren, ikasleei esan zien:—Falta izan al zenuten ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik gabe bidali zintuztedanean?Haiek erantzun:—Ezer ere ez.

36. Jesusek, berriro:—Orain, bada, poltsa duenak har dezala eta berdin zakutoa duenak; eta ezpatarik ez duenak sal dezala soingainekoa, hura erosteko.

37. Zeren, egia esan, niregan bete beharra baita Liburu Santuak dioena: Bekatarien kidekotzat jo zuten. Izan ere, nireak laster egingo du.

38. Haiek esan zioten:—Jauna, baditugu hemen bi ezpata.Baina Jesusek erantzun:—Aski da!

39. Ondoren, Jesus atera eta Oliamendirantz abiatu zen, ohi zuenez, eta ikasleak ere bai haren ondoren.

40. Hara iristean, Jesusek esan zien: «Egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko».

41. Eta, haiengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egiten zuen otoitz:

42. «Aita, nahi baduzu, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zure nahia, ez nirea».

43. Zeruko aingeru bat agertu zitzaion, kemen emanez.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 22