Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 22:21-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. «Baina begira, nirekin mahaian dago salduko nauena.

22. Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoenez; baina dohakabea salduko duena!»

23. Orduan, ikasleak elkarren artean galdezka hasi ziren, nork egin ote zezakeen horrelakorik.

24. Ikasleak eztabaidan hasi ziren beren artean, beraietan zein ote zen handiena.

25. Jesusek esan zien: «Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte herriak, eta agintedunek “Ongile” izena nahi izaten dute berentzat.

26. Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko.

27. Zein ote da handiago, mahaian dagoena ala zerbitzatzen ari dena? Ez ote mahaian dagoena? Bada, ni zerbitzari bezala nago zuen artean.

28. «Zuek sendo iraun duzue nirekin nire probaldietan.

29. Eta nik erregetza ematen dizuet, Aitak neuri eman zidan bezala:

30. ni errege izango naizenean, nire mahaian jan eta edango duzue, eta tronuetan eseriko zarete, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko.

31. «Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaituzte, garia galbahean bezala zuek astintzeko.

32. Baina nik otoitz egin dut zure alde, sinesmena gal ez dezazun. Eta zuk, niregana bihurtzean, sendo itzazu senideak».

33. Pedrok esan zion:—Jauna, prest nago zurekin kartzelara eta heriotzara ere joateko.

34. Jesusek, orduan:—Egia esan, Pedro, gaur oilarrak jotzerako, hiru aldiz ukatuko duzu ni ezagutzen nauzula.

35. Ondoren, ikasleei esan zien:—Falta izan al zenuten ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik gabe bidali zintuztedanean?Haiek erantzun:—Ezer ere ez.

36. Jesusek, berriro:—Orain, bada, poltsa duenak har dezala eta berdin zakutoa duenak; eta ezpatarik ez duenak sal dezala soingainekoa, hura erosteko.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 22