Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 22:14-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Ordua etorri zenean, Jesus mahaian jarri zen apostoluekin.

15. Eta esan zien: «Banuen gogoa sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekin egiteko!

16. Zeren, egia esan, ez baitut Pazkorik gehiago ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera iritsi arte».

17. Eta, kopa harturik, esker oneko otoitza egin eta esan zuen: «Hartzazue eta eman elkarri.

18. Zeren, egia esan, ez baitut gaurdanik gehiago ardorik edango Jainkoa errege izaten hasi arte».

19. Gero, ogia hartu zuen eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez: «Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».

20. Berdin egin zuen koparekin afalondoan, esanez: «Kopa hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odolaz Jainkoak ezarria.

21. «Baina begira, nirekin mahaian dago salduko nauena.

22. Gizonaren Semea badoa, erabakia dagoenez; baina dohakabea salduko duena!»

23. Orduan, ikasleak elkarren artean galdezka hasi ziren, nork egin ote zezakeen horrelakorik.

24. Ikasleak eztabaidan hasi ziren beren artean, beraietan zein ote zen handiena.

25. Jesusek esan zien: «Herrietako erregeek menpean hartzen dituzte herriak, eta agintedunek “Ongile” izena nahi izaten dute berentzat.

26. Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko.

27. Zein ote da handiago, mahaian dagoena ala zerbitzatzen ari dena? Ez ote mahaian dagoena? Bada, ni zerbitzari bezala nago zuen artean.

28. «Zuek sendo iraun duzue nirekin nire probaldietan.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 22