Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 16:12-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman benetan dagokizuena?

13. «Ez da morroirik bi nagusi zerbitza ditzakeenik; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan».

14. Entzun zuten hau guztia fariseu diruzaleek, eta barre egiten zioten Jesusi.

15. Honek esan zien: «Zuek zeuen buruak zintzo azaltzen dituzue jendearen aurrean, baina ezagutzen du Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukana, Jainkoarentzat mespretxagarri da.

16. «Moisesen legearen eta profeten garaia Joan Bataiatzailearekin bukatu da; geroztik, Jainkoaren erregetzaren berri ona adierazten da, eta denek indar egiten dute bertan sartzeko.

17. «Errazago da zeru-lurrak desagertzea, legearen zeinurik txikiena ere huts gertatzea baino.

18. «Emaztea utzi eta beste batekin ezkontzen denak adulterio egiten du; eta senarrak utzitako emakume batekin ezkontzen denak adulterio egiten du.

19. «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez janzten zena eta egunero festa ederrak egiten zituena.

20. Bazen Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten zena; zauriz josia zegoen.

21. Pozik asko jango zukeen aberatsaren mahaitik lurrera botatzen zutena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen zizkioten.

22. «Hil zen eskalea, eta Abrahamen ondora eraman zuten aingeruek; hil zen aberatsa ere, eta lur eman zioten.

23. Hildakoen Egoitzan oinazez zegoela, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urruti, eta Lazaro haren ondoan.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 16