Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 16:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten.

2. «Deitu zion eta esan: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta”.

3. «Honela zioen, orduan, etxezainak bere baitan: “Zer egin behar dut orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz.

4. Badakit zer egin, kargutik botatzen nauten honetan etxean nork hartu izan dezadan”.

5. «Deitu zituen bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?”

6. Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak esan zion: “Hona zure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”.

7. «Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?” Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Eta besteak, orduan: “Hona zure ordain-agiria; idatzi laurogei”.

8. «Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhurki jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino.

9. «Beraz, hauxe diotsuet nik ere: Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaren bidez; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaituzte Jainkoak.

10. «Gauza txikietan fidagarria, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabea, handietan ere zuzengabe.

11. Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna?

12. Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman benetan dagokizuena?

Irakurri kapitulu osoa Lukas 16