Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 13:8-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Baina mahastizainak erantzun zion: “Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot,

9. ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».

10. Behin batean, larunbatez, sinagoga batean irakasten ari zen Jesus.

11. Bazen han, hemezortzi urte hartan espiritu baten menpe gaixo zegoen emakume bat: erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu.

12. Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakumea, geldi zaitez libre zeure gaitzetik».

13. Eskuak ezarri zizkion eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi.

14. Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatez sendatu zuelako haserre, jendeari esan zion:—Astean sei egun daude lanerako. Zatozte egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean.

15. Jaunak erantzun zion:—Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez ere idia nahiz astoa ukuilutik askatu eta ura edatera eramaten?

16. Eta Abrahamen ondorengo den honi, hemezortzi urtez Satanasek lotua eduki duen honi, ez ote zitzaion larunbatez lokarri hori askatu behar?

17. Hitz hauekin, lotsa-lotsa eginik gelditu ziren Jesusen etsai guztiak; jendetza, ordea, pozik zegoen hark egiten zituen gauza miragarri guztiengatik.

18. Jesusek jarraitu zuen: «Zeren irudiko da Jainkoaren erregetza? Zeren antzeko dela esango nuke?

19. Gizon batek bere baratzean botatzen duen mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zuhaitz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dituzte habiak».

20. Berriro esan zuen: «Zeren antzeko dela esango nuke Jainkoaren erregetza?

21. Legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».

22. Jerusalemera bidean zihoan Jesus, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakatsiz.

23. Batek esan zion:—Jauna, gutxi izango al dira salbatuko direnak?Jesusek erantzun zuen:

24. —Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dute, eta ezin izango.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 13