Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 13:4-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. «Eta Siloeko dorreak azpian harrapaturik hil ziren hemezortzi haiek, gainerako jerusalemdarrak baino bekatariago zirela uste al duzue?

5. Ez horixe! Eta zuek ere, bihozberritzen ez bazarete, denok hilko zarete».

6. Gero, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu.

7. Orduan, mahastizainari esan zion: “Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?”

8. Baina mahastizainak erantzun zion: “Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot,

9. ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».

10. Behin batean, larunbatez, sinagoga batean irakasten ari zen Jesus.

11. Bazen han, hemezortzi urte hartan espiritu baten menpe gaixo zegoen emakume bat: erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu.

12. Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakumea, geldi zaitez libre zeure gaitzetik».

13. Eskuak ezarri zizkion eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi.

14. Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatez sendatu zuelako haserre, jendeari esan zion:—Astean sei egun daude lanerako. Zatozte egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean.

15. Jaunak erantzun zion:—Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez ere idia nahiz astoa ukuilutik askatu eta ura edatera eramaten?

Irakurri kapitulu osoa Lukas 13