Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 13:24-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

24. —Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dute, eta ezin izango.

25. Etxeko nagusiak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok behin eta berriro atea joko diozue, «Ireki, Jauna» deiadarka, baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten».

26. Orduan, honela hasiko zatzaizkiote: «Zurekin jan eta edanak gara, eta zuk gure plazetan irakatsi izan duzu».

27. Baina hark erantzungo dizue: «Ez dakit nongoak zareten. Alde niregandik, gaizkileok!»

28. Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, berriz, kanpora jaurtiak ikustean.

29. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.

30. «Begira, orain azkeneko den zenbait, lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo den zenbait, azkeneko».

31. Une hartan, fariseu batzuk joan zitzaizkion Jesusi eta esan zioten:—Zoaz, alde egizu hemendik, Herodes zu hil nahian dabil eta.

32. Jesusek esan zien:—Joan eta esaiozue gizontto horri: Begira, gaur eta bihar sendatzen eta deabruak botatzen jarraitu behar dut, eta hirugarren egunean nire azkena izango da.

33. Baina gaur, bihar eta etzi bideari jarraitu behar diot, ez baitaiteke profetarik Jerusalemdik kanpora hil.

34. «Jerusalem, Jerusalem, profetak hiltzen eta Jainkoak zuri bidaliak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ditut bildu nahi izan zure seme-alabak, oiloak bere txita-taldea hegalpean bezala, eta zuek ez duzue nahi izan.

35. Horra bada, hutsik geldituko zaizue etxea. Eta esaten dizuet ez nauzuela ikusiko, hau esango duzuen garaia arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»

Irakurri kapitulu osoa Lukas 13