Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 12:40-55 Elizen Arteko Biblia (EAB)

40. Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea».

41. Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?»

42. Jaunak esan zuen: «Izan zaitezte etxezain leial eta zentzuduna bezala, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini duena bezala.

43. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu!

44. Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du.

45. Baina morroia, nagusiak luzatu egingo duelakoan, morroi eta neskameak jotzen, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada,

46. gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialek merezi duten zoria emango.

47. Nagusiaren gogoa zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor zorrotza izanen du;

48. nagusiaren gogoa zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko.

49. «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego!

50. Heriotza-uretan murgildu behar dut, eta hau nire larria hori bete arte!

51. «Munduari bakea ematera etorria naizela uste al duzue? Egia esan, bakea ez, banaketa baizik.

52. Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak elkarrekin banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra;

53. aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren kontra eta alaba amaren kontra, amaginarreba errainaren kontra eta erraina amaginarrebaren kontra».

54. Jesusek hau ere esan zion jendeari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, “Euria dator” esaten duzue, eta hala gertatzen da.

55. Hego-haizea denean, berriz, “Sargoria dugu” esaten duzue, eta hala gertatzen da.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 12