Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 12:33-49 Elizen Arteko Biblia (EAB)

33. «Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizueten aberastasunak, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ezta han sitsak jaten ere.

34. Zeren, zuen aberastasuna non, zuen bihotza han.

35. «Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik;

36. izan zaitezte nagusia ezteietatik itzuli zain dauden morroiak bezala, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezala.

37. Zorionekoak morroi horiek, nagusiak, iristean, zain aurkitzen baditu. Benetan diotsuet: Arropak aldaturik, mahaian eseraraziko ditu eta zerbitzatzen hasiko zaie.

38. Eta gauerdian edo goizaldera badator eta horrela aurkitzen baditu, zorionekoak haiek!

39. «Gogoan hartu hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko.

40. Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea».

41. Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?»

42. Jaunak esan zuen: «Izan zaitezte etxezain leial eta zentzuduna bezala, nagusiak bere orduan otordua banatzeko morroien buru ipini duena bezala.

43. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu!

44. Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du.

45. Baina morroia, nagusiak luzatu egingo duelakoan, morroi eta neskameak jotzen, jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada,

46. gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta zigorrik gogorrena ezarriko dio, eta desleialek merezi duten zoria emango.

47. Nagusiaren gogoa zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor zorrotza izanen du;

48. nagusiaren gogoa zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko.

49. «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego!

Irakurri kapitulu osoa Lukas 12