Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 12:27-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

27. Begira nola hazten diren loreak: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare.

28. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbat gehiago ez ote zaituzte jantziko zuek, sinesmen gutxikook?

29. «Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila.

30. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena.

31. Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak.

32. Ez izan beldur, ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea.

33. «Saldu zeuen ondasunak eta eman limosna. Pila itzazue zeruan hondatuko ez diren ondasunak, huts egingo ez dizueten aberastasunak, hara ez baita lapurrik hurbiltzen, ezta han sitsak jaten ere.

34. Zeren, zuen aberastasuna non, zuen bihotza han.

35. «Zaudete prest, jantziak loturik eta kriseiluak pizturik;

36. izan zaitezte nagusia ezteietatik itzuli zain dauden morroiak bezala, iritsi eta atea jo bezain laster irekitzeko prest dauden morroiak bezala.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 12