Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 12:20-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?”»

21. Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari».

22. Ondoren, bere ikasleei esan zien Jesusek: «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango, edota gorputza zerez jantziko.

23. Izan ere, bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago.

24. Begira beleei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen; ez dute bihitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen ditu. Zenbat gehiago ez ote duzue balio zuek hegaztiek baino!

25. Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?

26. Beraz, gauzarik txikiena ere ezin baduzue, zertan kezkatu gainerakoaz?

27. Begira nola hazten diren loreak: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare.

28. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, zenbat gehiago ez ote zaituzte jantziko zuek, sinesmen gutxikook?

29. «Zuek ez ibili larri jan-edanaren bila.

30. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zuen Aitak badaki horren beharra duzuena.

31. Ardura zaitezte, ordea, Jainkoaren erregetzaz, eta beste hori gehigarritzat emango dizue Jainkoak.

32. Ez izan beldur, ene artaldetxo hori, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 12