Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 12:11-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. «Sinagogetara eta buruzagien eta agintarien aurrera eramango zaituztetenean, ez egon kezkatan nola egin edo zer esan zeuen alde,

12. Espiritu Santuak adieraziko baitizue une hartan bertan zer esan behar duzuen».

13. Behin batean, jendarteko batek esan zion Jesusi:—Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko.

14. Jesusek erantzun zion:—Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?

15. Orduan, guztiei esan zien:—Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.

16. Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion.

17. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?”

18. Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak.

19. Gero, esango diot neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urteetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai”.

20. Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?”»

21. Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari».

22. Ondoren, bere ikasleei esan zien Jesusek: «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jango, edota gorputza zerez jantziko.

23. Izan ere, bizia janaria baino gehiago da, eta gorputza jantzia baino gehiago.

24. Begira beleei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen; ez dute bihitegirik, ez mandiorik; hala ere, Jainkoak janaritzen ditu. Zenbat gehiago ez ote duzue balio zuek hegaztiek baino!

25. Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?

Irakurri kapitulu osoa Lukas 12