Itun Zaharra

Itun Berria

Lukas 10:18-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Jesusek esan zien:—Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas.

19. Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin.

20. Halaz guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako.

21. Une hartan, Espiritu Santuak pozez beterik, Jesusek esan zuen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.

22. «Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak».

23. Eta ikasleak bakarrean harturik, esan zien: «Zorionekoak zuek ikusten duzuena ikusten duten begiak!

24. Zeren, egia esan, profeta eta errege askok ikusi nahi izan baitzuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun».

25. Orduan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion:—Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?

26. Jesusek esan zion:—Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?

27. Hark erantzun: —Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala.

28. Jesusek erantzun zion:—Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu.

29. Baina lege-maisuak, bere galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, galdetu zion Jesusi:—Eta nor da nire lagun hurkoa?

30. Jesusek erantzun zion:—Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan erori zen; zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz.

31. Apaiz bat gertatu zen, hain zuzen, bide hartan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen.

32. Gauza bera egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen.

33. Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion.

Irakurri kapitulu osoa Lukas 10